|
OROIMENAK
«SOINU ETA KANTU» KAXIANO ELKAR, 1996
Oroimen polit askoak
baditut aspaldikoak
kontatzeko modukoak
ezertxo ere erantsi gabe
neronek bizitakoak
jakin ditzaten gaurkoak
idatzi ditut bertsoak
sinistu esandakoak.
Gure Euskal Herrietan
orduko baserrietan
ez dut esan nahi denetan
baina sei, zortzi, hamar, hamabi
ume sendi gehienetan
zaharrak etxeko lanetan
gazteak lantokietan
txikiak ikasketetan.
Goizean garaiz kalera
herri-eskola batera
erdaraz hitzegitera
sartu orduko "Buenos días" ta
"Cara al sol" kantatzera
lehioan beti bandera
eta espainola gainera
han egin nuen karrera.
Maixu denak erdaldunak
tokatu zitzaizkigunak
gorrotatzen euskaldunak
bildurra ere ematen zuten
haien kopeta ilunak
ez ziren bihotz bigunak
orduko bigotedunak
nik ez nituen lagunak.
Erdaraz hitzik jakin ez
ezer ulertu ezinez
etxera buruko minez
gure eskola hola joan zenez
piper batzuk eginez
apaizak ase dotrinez
mezetan berriz latinez
aspertu nintzen mitinez.
Beste saio bat etxian
eskolatik itzultzian
su ondoan iluntzian
amonarekin oraziuak
eta nolako garrantzian
harek bai pazientzian
erakutsi otoitzian
eta euskara hutsian. |