|
ERBIA
«IZENBURURIK GABE» HAINBAT AIAKO UDALA, 2005
Erbia ar gorria
begiak larriak
buztana motza du ta
luze belarriak
egiten ditu salto
ikaragarriak
ez dauka harrapaturik
atso elbarriak.
Bere gustoko gauzak
gau ilunez janda
egunez gordetzen da
sasira joanda
hankaz abila berriz
harrapatzen lan da
komeriarik asko
horrekin izan da.
Erbi horrentzat zeuden
gehienak koleran
nola ibilia zen
askoren galeran
lazo bat jarri zioten
soroko sarreran
han harrapatutzeko
bere etorreran.
Erbia etorri zen
lehenengo garaien
lazuan sartu eta
gelditu zitzaien
auzoko bat han zebilen
orduan talaien
harek ikusi eta
han eraman zien.
Erbi harekin hura
etxera joatian
danak juntatu ziran
ixtilu batian
nola etzuten ikusi
behin ere artian
larri ziran seguru
jarri bitartian.
Egur bat jarri zioten
ahoan kurioso
sokaz lotu ere bai
muturra tieso
hankak lotuta umil
jarri zuten oso
gero armariuan
sartu zuten preso.
Erbia jarri zuten
preso segurantzan
handik ateratzera
andria joan zan
hankak libratu eta
han zebilen dantzan
atea irekiko
zuten esperantzan.
Atea irekita
jarri zutenian
aguro saltatu zan
estuasunian
leihotikan kanpora
zuzen zuzenian
pozik destierroa
bete zuanian.
Erbia ar gorria
begiak larriak
buztana motza du ta
luze belarriak
egiten ditu salto
ikaragarriak
ez dauka harrapaturik
atso elbarriak.
Hitzak: Altzoko Imaz
Doinua: Herrikoia
Altzoko Imazen bertso sortaren aldaera hau kantatzen da Aian |