|
GURE ATARIKO PAGOA
«IZENBURURIK GABE» HAINBAT AIAKO UDALA, 2005
Mila beatzirehun hirurogeita
hamargarrengo negua,
izenak berak dion bezain beltz
ilbeltzak hogeita laua.
Hego haizeak bota diguna
gure atariko pagua,
bere azpian hamaika jende
pozik edukitakua.
Indargarate pago handia
zenuen zure izena,
Aia aldian ezagutzen dan
Pagorikan ederrena.
Zu erorita ikusteakin
nik hartutzen dedan pena,
bildurgarrizko hego haizeak
emana dizu azkena.
Zure gerriak neurtzen zituen
kana bi ta erdi pasiak,
eta zer ziran zure adarrak?
lodiak eta luziak.
Zu botatziaz harriturikan
esaten dute guziak,
ikusten ez den gauza da baina
badu indarra haiziak.
Ume nintzala, amak laguntzen
zidan zure itzalera.
jolasten nintzen, nire senide
kattun denekin batera.
Zure ezkurrak janaz gu hantxe
Adan da Ebaren antzera,
hamaika une eder ta goxo
azpian pasiak gera.
Erori zera lur-jota zaude,
akabo, pago gaixua!
zure adarretan abestutzeko
hain baitzen toki goxua.
Oroitutzen naiz: pozez bihotza,
nintzalarikan haurtxua,
zure gainetik kantatu nuen
nire lehenengo bertsua.
Makina jende egoten baitzen
itzalean eserita,
asko juan dira mundu hontatik
zu hor zutikan utzita.
Hoietako bat zu hainbat maite
izan zintun gure aita,
zerutik negar egingo zuen
zu erortzen ikusita.
Zure babesen jolasten ginen
gu neska eta mutiko,
eguzkitako itzala zinen,
babes haizearekiko.
Gure atarian larehun bat urtez
zutik iraun arren tinko,
etorri zera gure pagoa
etzera inoiz jeikiko.
Hitzak: Luis Otamendi
Doinua: Herrikoia
Pagoaren erorrerak hainbeste erasan zidan bertso sorta hau sortu nuela |