![]() ![]() ![]() ![]() ![]()
| ||
|
HIZTEGIA Abaro, Gregorio Soinujole bizkaitarra, Bermeon sortua 1869an. Hauxe da ezagutzen dugun soinujolerik zaharrena. Abarka Gure jatorkeriaren ikurretako bat, dantza arrotzen galbidean sartzea eragozten diguna. Ikus Brusa Afinazioa Tonu berdineko lengueten arteko irekiera. Trikitilaria, zabala izanik, irikiera estukoa da: Bossa Nova ere hala sortu zen, "desafinando". Eta rocka? Horiek gu baino okerragoak dira! Agirre, Joxe Manuel Pandero egile tolosarra. Panderoez gain atalbalak, danbolinak eta dultzainak ere egiten ditu. Aingeru guardakoa Inor dantza lotuko piezaren bat jotzen hasten bazen, han azalduko zen isilaraztera, alguazil jantzian. Aire, aire! Trikitixan egiten den aldarria, jendea animatzeko. Eta entzuleak hankalotuak, maiz. Aizpurutxo Erromeri tokia, Gipuzkoako Azkoitian, Urretxuko mugan. Bertan egon zen erretore Julen Lekuona (1938-2003), hauspoa ez baina kitarra besotan ibiltzen zen kantaria. Akordeoiaren aztia edo “Mago del acordeón” Zegamako Joxemiel Ormazabali (Zumarragako Trikitixa) esaten zioten. Alboka Soinujoleek egindako bekatu handi eta ugarien artean, alboka baztertzearena ez da makalenetakoa. Ikus Dultzaina
Altaboza Ozengailua, edo hotsa zabaltzeko asmakizun elektrikoa. Alegia, kantaera zaharraren akabera. Andrakasko Errementaria Rufino Arrola (1909-1996), omenaldirik nahi ez zuen soinujolea, omenaldiak heriotza omen zekarrelako. Apaiza Apaiz-ohi, ateo, bertsolari, diputatu, ezkongabeko guraso, filologo, gerrilari, gerrillari, idazle, kantari, kitarrajole, konspiratzaile, langile, marxista, pilotari, politiko, txistulari... zer ez da izan euskal apaiza! Trikitilari, horixe ez da izan: ez ote daki ba infernuarena asmazio hutsa dela? Arin-arin Dantzarako erritmo binarioa. Sasoiko egotea eskatzen duen dantza bizia.
Arizterrazu Erromeria tokia, Gipuzkoako Aian. Bertan dago trikitilariaren omenezko eskultura. Lehen dantzaldi latzak egiten zituen jendeak. Arrate Erromeri lekua, Gipuzkoako Eibarren. Eibartarrak erromerrian gauza onik ez... Ikus Erromeria Arrate Irratia Trikitixari arreta berezia egin izan dion irratia, Eibarren. Ikus Loiola Irratia Arrateko Ama Trikitilariok, nonbait, ez genekien txistulariek ere joera berezia zutela hona: 1927an bildu ziren hemen, beren Elkartea sortzeko! Ezjakintasun horretan patroi izendatu genuen Arrateko Ama handik mende erdira edo, eta soinu bat jarri genion aldamenean, opari eta ikur gisa. Astebete iraun zuen. Ez dugu uste txistulariak izan zirenik. Arséguel 30 urtetik gora daramatza Leridan egiten den Arségueleko trobadak. Imanol Iturbide panderista azken 25 urteetan izan da bertan, hasieran Epelderekin eta azken urteetan Lajarekin. Azpillaga, Jon Panderoa joz bat-bateko koplak kantatzeko gai izan den bertsolari bakarra. Soinuari motelxeago eraginda, jakina. Azkue, Resurreccion Maria Abade lekeitiarra (1864-1951), euskal kulturaren inguruko beste lan askoren artean Cancionero Popular Vasco bilduma handia argitaratu zuen, herriarenganako irainez eta mesprezuz betea. Soinua ere ez zuen maite, "antipatikoa" egiten zitzaion. Bajuak Ezkerreko eskua, akonpañamentua egiteko: "jundata jundata" sekula etorri ez! Baltseoa Lotuan dantza egitea. Lehen debekatua zen eta izugarri egiten zen, gaur libre da eta inork ez du egiten. Baltseo txikia Urola aldean sortutako dantza, debekuak gainditzeko: trikitian, kantatzeko puntuan, bikoteari heldu egin behar zitzaion. Gero segi sueltoan. Banda Trikitixa modernoaren garaiko terminoa, taldea adierazteko. Garai batean hiriko eta zenbait herritako dantzarako musika taldea. Zuzendaria, askotan, errepertorio sortzaile eta trikitilarien errepertorio irakaslea izaten zen. Bandoneoia Argentinan erabiltzen den soinua, kromatikoa edo diatonikoa izan liteke. Tangoak jotzeko ohizko soinu tresna. Baroja, Pio 1906an “Paradox Rey” nobelan “Elogio sentimental del acordeón” testua idatzi zuen. Bertan, Kantauri Kostaldeko marinelen eskuetan jartzen zuen esku soinua. Behetarra Fandangoa edo arin-arina, Donostialdekoek eskatzen zituzten piezak. Lajak argitzen digu zergatia: "Bizkaian gehiago jotzen da trikitixa, hemen fandangoa. Horregatik, guk, Bizkaitik gertu gaudenez gero, gazteak ginenean, fandangoa eskatzerakoan behetarra esaten genuen, Donostia aldekoa alegia. Horregatik Azkoitian trikitixa edota behetarra eskatzen genuen: behetarra fandangoa edo arin-arina izango zen". Beobate Gipuzkoako Aiako trikitilaria, pasadizo xelebre honen protagonista gerraostean: Athletiken ereserkia jo eta jendeak dantza lotuan egin. Jakin du autoritateak, eta hogeita bost pezetako isuna (pieza debekatua jo eta eskandalua jarri gainera!). Dantzari batzuk atxilotu eta kartzelara eraman zituzten. Abokatuak beste 25 pezeta kendu zien, aholkuagatik. Beraiazarratarrak Santiago eta Kepa aita-semeak, soinu-konpontzaileak. Gaur Gernikan dauka atelierra Kepak. Bergara, Jose Maria Loiola Irratiko arduraduna, Urolako trikitilariak magnetofoian grabatzen hasi zen apaiz jesuita... Ez garela kontradikziorik gabe bizi! Ikus Loiola Irratia Berguices, Aingeru Bizkaiko trikitixari buruzko lan sakona egin duen ikerlaria, Kepa Perez Urrazagarekin batera. Ez da oraindik argitaratu. Ikus Perez Urraza, Kepa Bermeosolo, Felisa Trikitixari lotutako lehen emakume panderojolea, Bizkaiko Ereñon jaioa 1899an. Bigira Neska-mutilek lana amaituta egiten zuten bilera dantzarako, eta dantza aitzakian elkar ezagutzeko. Han gertatzen zena ikusita "turkoak eurak be lotsatuko litzatekez", omen. Nekazarien saraua zen bigira. Ikus Saraua Birekua "Bidekoa", noski. Ikus Biribilketa Biribilketa Kalejira, azkeneko pieza, etxera joateko abisua. Txapelketa eta Jaialdietan oholtza gainera igotzerakoan jo beharrekoa.
Birtuosismoa Atzo jardunean, gaur atzamarretan. Bisonoroa Botoi bera zapalduz hauspoa irekitzen eta ixten soinu ezberdina egiten duenean. BITE Bizkaiko Trikitixa Elkartea. 2004ean sortu zen. Bizkai-dantza Trikiti dantzei esateko modua Huitzin, Orixek dioenez. Blasco, Arthur Berari zor zaio soinu txikia berreskuratu izana Katalunian. Bolumena Lehen besoekin lortzen zen hauspoari eraginez, orain batioen botoiari emanda. Botila Perkusio tresna, hutsa dagoenean. Beteta ez da soinu onik ateratzen ahal. Brusa Inoizko baserritar jantzia. Gaur ezinbestekoa dugu trikitilariok. Txistulariek ordea, kultuago, kaikua jantziko dute. Ikus Abarka Ikus Euskal Jaiak Caja de ritmos Izugarrizko “txolloa” zen soinu joleentzat, bateri joleak beti kexan egoten omen ziren, ordu bete jo eta erromeria noiz bukatuko zen galdezka. “Caja de ritmos”-a ez zen sekula kexatzen. Jendeari dantzarako lagundu egiten zion eta soinua ere jantzi egiten zuela iruditzen zitzaien soinu joleei. Casa Carrion Gasteizeko musika denda. Bertan erosten ziren lehendabiziko altabozak eta "caja de ritmos"-ak. Cengotita Soinugile edo hauspogin ospetsua Bilbon, Tenderia kalean. Columbia Donostian zegoen kokaturik Columbia etxe angloamerikarraren lantegia. Bertan diskoez gain gramofonoak ere egiten ziren. Concertina Irlandan erabiltzen den soinua diatonikoa edo kromatikoa izan liteke. Danbolina Iztuetak eta beste jakintsu askok diotenez, panderoa --gero danbolina izango zena-- askoz lehenagokoa da txistua baino. Horregatik esan izan zaio txistu eta danbolinaren bikoteari, eta baita txistulariari berari ere, "danbolina". Trikitixa azaldu aurretik, danbolina zen deabruaren tresna. Ikus Txanbolin Dantza Pertsonen harremanetarako eta elkar ukitzeko parada egokia. Debekua Soinua azaldu zenetik Euskal Herriko botere faktikoek areagotu egin zuten erromeriak kontrolatzeko eta galerazteko politika. Diatonikoa Eskala mota bati esaten zaio, solfeo jakin behar da ulertzeko. Soinu txikia tresna "diatonikoa" dugu hizkera dotorean. Botika izena ematen du. Diskoa Euskal musikak geroz eta gutxiago saltzen duen produktua. Hasiera batean arbelezkoa izan zen, ondoren binilozkoa, gero plastikozkoa. Orain gogorra dela besterik ez dakigu. Dultzaina Nafarroako tresna nazionala. Trikitixak baino buila handiagoa ateratzen du. Baina hauspoa jotzaileak berak jarri behar du, eskastasun horixe dauka. Ikus Alboka Eibar Arrate azpain dagoen hiri koskor industriala, tradizio sozialista duena, eta euskaldun petoa izan arren sobera argizarijalea izan ez dena. Eibarren ezin izan zituen Elizak ez dantza lotuak ez dantzaleku itxiak debekatu. Eibarko Petra "Petratxarri" esaten zitzaion lilitegiko madama, Elgeta soinujolea kontratu zuena bere etxeko "pianista" bezala. Petraren eta Elgetaren talentuari esker bihurtu zen soinu txikia saloiko, eta baltseorako gauza. Elgeta Jazinto Rivas (1905-1964), gure aita-pontekoa. Berak lotu zuen gerraurrekoa gerraondokoarekin, eta errepertorioa berritu. Euskal soinu txikia, 23 botoikoa, berak "asmatu" zuen.
Elkar Binilozko diskoen azken epoka edo aldian Elkar etxea izan zen trikiti diskoen argitaratzaile nagusia Joxe Mari Goikoetxea izan zelarik arduradun nagusia. 90eko hamarkadan Triki azpi zigilua sortu zuen. Eresbil Musikaren euskal artxiboa. Errenterian kokatzen den artxibo honetan aurkitzen dira trikitixa grabazio zaharrenak. Ermita Erromeri tokia. Ikus Urkiola
Errefreskua Ezkondu behar zuen neskari egiten zitzaion festa, despedidakoa. Errematea Enkantea, soinujoleek plaza alokatzeko egin behar izaten zuten lehia. Erromeria Erlijioarekin lotutako festa. Eta santu edo santaren aitzakian, dantza-festa mendian: eskandalo hutsa. Egin dezagun kontu eibartarrak, esaterako, "Arratetikoak" direla, haurrak Arratetik datozela Eibarren... Ikus Arrate Esku pianoa Eskua tartean dabilen guztia bezala, arriskutsua. Trikitixari adinako gorrotoa zioten tresna honi nazionalistek. Eskuineko eskua Melodia jotzeko erabiltzen dena, atzamarren azkartasuna eta trebetasuna neurtzeko aldea. Erne, kamera hori! Etxaniz, Nemesio Apaiz azkoitiarra (1899-1982), Donostian bizi izan zena eta, besteak beste, jazpanek ospetsu bihurtuko zuten Antoni eta Anton kantaren sortzailea. Euskal Jaiak Brusa janztea beharrezkoa den festa folklorizatua. Trikitia ez da urruti ibiliko. Ikus Brusa
Faborez Neska dantzara ateratzeko eskaera. Eta hala ere... Fandangoa Erritmo ternarioan, kantatu gabeko jota. Zorabiatzeko arriskua dago entrenatu ezean. Fantasia Inprobisazioa egiten zenean, bazen. Farfisa Trikitilariek lehenengo erabili zuten anplifikadore marka. Farrea Trikitixari esateko modua Busturialdean. Fila Soinu txikiaren eskuineko eskua, bakarreko, biko edo hiruko lerroz osatua, diatonikoa izan arren. Filarmonika Gurean, "pillarmonika". Italierazko hitza, "fisarmonica" zen hasieran. Hauspoz jotzen zen oro zen filarmonika. Folk Jazz edo rock ez bezala, hitz hau disketxeek asmatu zuten, helburu komertziala zeukan eta dauka. Jaialdi folk asko daude, baina ez dago folk mugimendurik. Are gehiago, folkaren funtsa ez-mugitzea omen da, zenbaiten iritziz. Folklorea Zientzia bezala hasi zen, eta orain ez dakigu zer den ere. Frai Bartolo Fraile karmeldar txoroa (1768-1836), dantzen persegitzaile sutsua. Euscal errijetaco olgueeta ta dantzeen neurrizco gatz-ozpinduba liburu barregarria idatzi zuen. Bertan ageri dituen kezkak benetakoak bazituen, pasatu zuen kalentura ederrik! Oraindik hor jarraitzen du euskal literaturaren historietan aipatua, Frai Bartolome de Santa Teresa izenarekin. Ikus Mendiburu, Sebastian Garizuma Auntxaren esanetan “Garizuman ez zidaten jotzen uzten gurasoek eta garizumako lehen egunean soinua giltzapean gordetzen zen gure etxean. Garizuma bukatu artean nik ez nuen soinua ukitzen. Zazpi aste ziren, baina niretzat zazpi urte ziren”. Gelatxo Manuel eta Pedro aita-semeak, trikitilari ospetsuak. Guerra, Juan Carlos XIX. mendeko historialari honi zor zaio soinuaren lehen aipamena, 1889an egindako artikulu batean. "Gure erromeriak" Joxe Mari Iriondok Loiola Irratian sortu lehen trikitixa saioa, 1962an. Ostegunero emititzen zen, 21:30etan, alegia, prime time orduan... Ikus Loiola Irratia Ikus "Saski-Naski" Ikus "Soinu gozoa" Ikus "Triki not dead" Ikus "Zaharrak berri" Goilarak Perkusio tresna, trikitixa laguntzeko erabilia. Gose Trikitixa, elektronika eta sexua batzen dituen musika taldea. Grazia "Horrek graziyakin jotzeik". Non ikasten ote da? Hauspo-soinu Soinu hauspodunei eman izan zaien izena. Hauspoa Garai batean burdinoletan zeukaten tresna handia, suari putz egiteko. Soinu txikiaren eskuineko eta ezkerreko eskua lotzen dituen atala, soinuak arnasa hartzeko balio duena. Hauspodun Soinujole, garai bateko hizkeran. Hauspozen "Hauspo-ozen", R. M. Azkue hiztegigile ospetsuak proposatu zuen hitza, "akordeoi" edo "pillarmonika" ez esateko. Herri-Gogoa 70eko hamarkadak ekarri zuen nobedade bat Herri Gogoa zigiluaren sorrera izan zen. Hamarkada bat iraun zuen Iñaki Beobideren zuzendaritzapean trikitixa disko mordoxka bat kaleratu zituelarik. Honner Munduan gehien zabaldu den soinu diatoniko marka alemana. Tex-mex, vallenato eta Europako hainbat erritmoetan ezinbesteko bihurtu den soinu fabrikatzailea. Hugo, Victor Idazle frantses handia (1802-1885) Gipuzkoako Pasaian zenbait egun eder eman zituena 1843an. Apaizei ez bezala, duintasun handiz iruditu zitzaion dantzatzen zuela populu xeheak herriko plazan. Iburreta Etxesa-Korta Argentinara joan zenean Zumarragako taberna honetan egin zioten despedida. Inpernuko hauspoa Apaizek soinu txikiari emandako izena. Egoki emana ere: hauspoak putz egiten du, eta jakina da haize emanda sua pizten dela... Ikus Txerren-hauspoa Ikus Maketo-antzea Inpernuko Poza Trikitixa Elkarteak 2002az geroztik antolatzen duen jarduanaldien izena. Bekatuari eta bekatariei buruz aritzeko aitzakia, mendeku polita kondenatu nahi gintuztenen gainean. Iriondo, Joxe Mari Lehenengo trikiti irratsaioen sortzailea (1962), eta gerra osteko txapelketen bultzatzailea. Ikus Loiola Irratia Irrintzia Txapelketan puntuak lortzeko ezinbestekoa. Iurreta Bizkaiako trikitilari zaharrei omenaldia urteetan antolatu den herria. Iztueta, Juan Inazio Gipuzkoako dantzak eta doinu zaharrak bildu, liburuan argitaratu eta plazan irakatsi zituen gizon xelebrea (1767-1845). Kartzelan ere sartu zuten, baina ez dantzan egiteagatik, batzuek nahiko zuketen moduan. Ikus Frai Bartolo Jaialdia Lehen, dirua biltzeko asmazioa. Gaur galdu egiten omen da gehienetan. Jazpana Bateria, musikakoa alegia. Bateria daukan formazioa, taldea. Lehenengo bateriak etorri zirenean marka honetakoak ziren (Jazz Band), eta markaren izena erabili zen izen generiko bezala.
Juliana Esnaola Manuel Gelatxoren emazte eta pandero laguna, dantzari fina. Juradua Epaile taldea, txapelketan lehenengo postua lortzen duenarentzako jatorra. Epaileak jende jantzia izan ohi dira: solfeoa dakite, gutxienez. Kalejira Eskutik lotu eta elkarren atzean dantza egitekoa. Lehen, neska mutilen artean elkar ez ukitzeko, paineluak jartzen ziren. Karneta Trikitilariek ez zuten azterketa pasa behar plazan jo ahal izateko, gainerako musikariek bezala. Dirua ordainduta eskuratzen zuten. "Egunen batean trikitilariok ere karneta izango duzue, eta soinua jotzetik biziko zarete", esan zion Elgetak Zialtzetari. Kaxiano Kaxiano Ibarguren (1933-2002), Lizartzako Itsua, soinu handia jotzen zuen trikitilaria eta bertsolaria. Kontzientzia politikoa Izan ote dugu inoiz guk horrelakorik? Kopla zaharra Lau lerroko estrofa, 8/8/10/8 silabatan egituratua, AABA errimekin, antzinako lirikan oso erabilia, eta urteetan baztertua egon zena. Kopla Gehienetan 7/6 silabako bertso mota izaten da, bi edo hiru puntukoa, azken errepika batekin. Trikitixak asko indartu du bertso mota hau. Hainbesteraino, non, idazle askok, hiru puntukoaren azken errepika errima berri bat egiteko baliatuz, zortziko txikia egiten duten kopla tradizionalaren ordez, baina tituluan beti "koplak" direla ongi adieraziz. Horretan laguntzaile dauzkate bertsolariak berak, ematen duenez errazkeriatzat abandonatua baitaukate orain zortziko bizia, alegia, txikia. Esan liteke, beraz, zortziko txikia ere kopla dela, baina ez beti: gaiak eta tonuak badute zer ikusia... Ikus Pandero-kopla Korroa Soinujoleak jotzeko eta kobrantzarako zeukan dantza eremua. Kromatikoa Eskala mota bat, diatonikoaren aldean osatuagoa. Elgetak lortu zuen, bi sostenido gehiago erantsita, eskala kromatikoa osatzea, nolabait. Handia beti handi: soinu txikiak ez du hartzen handiak daukan eremu sonoroa. Ezta handiak txikiarena ere: txikia beti gaizto. Kursaal Nazioarteko Trikitixa Jaialdia bertan egiten da. Larrinaga Soinugile edo hauspogin ospetsua, Donostiako Egia auzoan. Larrinaga-Guerrini Estimazio handiko soinuak, 1920-30 ingurukoak. Bi soinugile hauek elkartu zirenean lortu zituzten tresnarik onenak. Lastur Erromeri toki garrantzitsua, Gipuzkoa "sakonean". Halako parajetan dabil beti soinu txikia, Inpernuko sarreraren bila. Launeddas Sardinian musika tradizionala egiteko erabiltzen den albokaren familiako haizezko tresna, 2005eko Nazioarteko Trikitixa Jaialdian soinu diatonikoarekin batera ikusi ahal izan genuen Lengueta Bibrazioaren bitartez eragiten den altzairu zatia, soinua sortzeko. Loiola Jesuitak eta trikitilariak batera bizi izan diren tokia, zerua eta inpernua batera. Donostiako auzoa, ibai bazterrean, erromeri toki garrantzitsua XIX. mendean. Hantxe esan zioten Bilintxi "Ni zurekin? Ja-jai!" Ikus Urola Loiola Irratia Joxe Mari Iriondoren eskutik trikitixari leku berezia eskaini zion irratia, jesuitena. Ikus "Gure erromeriak" Ikus Bergara, Jose Maria Ikus Arrate Irratia Lotuan Helduta dantzan egiteari esaten zaio. Handia dela gero: askatasunik ez lotzeko! Magnetofoia Beste trikitilarien piezak kopiatzeko tresna. Mahaia Urteetan, mahaia izan zen trikitilarien jokalekua edo, politikoek dioten moduan, eskenategia. Hori galdu egin zen "tranpaldoa" etorri zenean. Maketo-antzea Urretxindorra bertsolari handiak (1878-1942) soinuari ezarritako kondena. Ikus Inpernuko hauspoa Ikus Txerren-hauspoa Markonesia Pantxike Zubizarreta, Manuel Sodupe Gelatxo-rekin panderoa jotzen zuen emakumea. Bere senarrak, Gregorio Alberdi Markoni, bi ilerako soinua jotzen zuen. Martitte Trikitilari edo dultzainero bana omen zeukaten Azkoitiko auzo honetako baserriek. Maurizia Zeberioko kantari eta panderojole izugarria. Mendiburu, Sebastian Jesuita sermoilari beldurgarria eta obseso sexual handia (1708-1782). Hain amorratua zegoen gizajo hau dantzen kontra, non bere erakundeko buruek zentsuratu behar izan baitzizkioten zenbait liburu. Oraindik ez dute kendu euskal literaturaren historietatik, eta egundoko monumentua dauka oiartzunen. Ikus Frai Bartolo Meza Erromeria egingo bazen hartu beharreko mitina. Mikrofonoa Trikitilarien eta bertsolarien kantaera zeharo aldatu zuen tresna modernoa. Muga Erromeriak bezala, hortxe ibili da beti trikitilaria, debekuaren eta baimenaren artean, dantzaren eta musikaren artean. Mendian gehienbat, kaleko itotasunaren ihesi. Alabaina, kalean omen zegoen aurrerazaletasuna, menditarrak omen ziren atzerakoiak. Multa Lotuko piezak jotzeagatik etortzen zena. Lotuan dantzatzeagatik etortzen zena. Elizak, isunak jartzeko legezko aginterik ez zeukanez, patroien bitartez egiten zuen multagintza hainbat tokitan, igandean halako erromerian dantza lotuan aritzeagatik langilea zigortuz. Horrek esan nahi du ez zirela txibatoak edo salatariak faltako, baina halakoei ez diegu sarrerik eman gure hiztegian.
Mundua Gauza zabala eta bazter ugarikoa da mundua, baina nonahi daude soinujoleak: harrigarria da gure tresnaren hedadura. Musika Eskola Kontserbatorio zaharren izen berria, trikitixak lekua hartu duen toki instituzionala. Musikene Trikitixaren eta musika tradizionalaren ikasketek goren maila hartu duten Eusko Jaurlaritzaren musika eskola. Nahastea Lotuan dantza egiteak zekarrena. Nahaste, borraste, hor haste. Nazioarteko Trikitixa Jaialdia Trikitixa Elkarteak 2002an antolatzen hasia. Neska-laguntzea Kotxerik ez zen garaian eta baserri munduak etorkizuna baratzean eta ikuiluan zuenean, erromeria ondorenean mutilek neska laguntzen zuten gauez etxera. Sasiartean apaizak zelatan. Neska-soinua edo nesken soinua Pandero handia izango da, seguru asko, Frai Bartolok dakarrenez: "Ezda emen ecer esaten, erromedija eguna domeequia, edo jaiosua bada, egun à videetan, ta vertan guizon, ta emacume naaste dantzan chilibituen, pandereten, trompeen, edo nesqueen soinubagaz iragotia gaiti." Oilasko biltzea Baserriz baserri herriko gazteek soinuaren eta bertsolarien laguntzarekin egiten duten eske-modukoa. Astiasaran soinujoleak negarrez eta odoletan ere alde egin izan du aste osoa oilasko biltzen ibilita. Omenaldia Trikitilari zaharrei egiten zaien errekonozimendua. Organista Soinujoleen irakaslea, apaiza ez izatera. Oria Zumarragako Trikitixa esan izan zaion familiaren deitura. Oromiño Bizileku zuen auzoaren izenarekin deitzen zioten Serafin Arantzeta soinujole bizkaitarrari. Panderoa Soinu txikia laguntzeko erabili izan den larruzko perkusio tresna. Soinua azaldu baino askoz lehenagokoa da gure artean, eta hutsik ere jotzen zen. Pandero-kopla Trikitiak erabiltzen duen kopla moldea. Ikus Kopla Pasodoblea Lotuko dantza Euskal Herrian. Espainiatik etorritako influentzia, militar kutsukoa. Perez Urraza, Kepa Bizkaiko trikitixari buruzko lan sakona egin duen ikerlaria, Aingeru Berguicesekin batera. Ez da oraindik argitaratu. Ikus Berguices, Aingeru Perladura Kopla erreska edo sailari deitzen zaio. Jabier Kaltzakortaren ustez “perlaz perla perladura osatzen joaten ziren, eta baldarkeriarik handiena eta gauzari finena perladura berean biltzen zituzten”. Perrone, Marc Italian jaio bazen ere Frantzian bizi da eta Frantzian garatu du bere ibilbide profesional zabala. Soinu diatonikoa jotzen du eta mundu osoan erreferentzia da, 2005eko Nazioarteko Trikitixa Jaialdian gonbidatu moduan izan zen Marie-Odile Chantran-ekin. Piamonte Alpeetako mendi multzoen hegalean kokaturiko lurralde ederra, Italiako estatuaren mugapean. Bertakoak izan ziren XIX. mendean Gipuzkoako trenbideko tunelak zulatzera etorritako langile adituak, soinu txikia ekarri zutenak. Sekulako indarra dauka bertan soinuak gaur egun ere, eta han erosten edo handik ekartzen ditugu soinuak. Plaza Soinujoleek "erosten" zuten bertan erromeriak egiteko, eta bildutako dirua eurentzat izaten zen. Ikus Txartela Pobrearen pianoa "Le piano du pauvre" esaten zaio soinuari. Txikia denean, zer mesprezu ez ote du merezi? Porrusalda Arin-arin kantatua. Prestigioa Xabier Amurizak aipatu zuenez Inpernuko Poza jardunaldietan “soinularia oso prestigiatua zen, bertsolariak baino prestigio handiagoa zuen”. Prexkantoni Frantziska Antonia Irizar panderojolea, Zumarragako Trikitixaren sortzailea izan zen Joxe Oriaren ama zen. Primi Panderojole eta irrintzilari ospetsua. Rocka Trikitixa ez dena, gauza txarra eta kanpotarra adierazteko. Kanpotik etorri, eta orain gu bertakoenak! Sakabi Faustino Azpiazu soinujolea (1916-1995), Elgeta-ren ikasle gorenetakoa. Salon Teatro eta Salon Cruceta 50 dantzaldi eman zituen bi areto hauetan Elgeta soinujoleak 1907an. Santa Eufemi Erromeri tokia izen bereko ermitaren inguruan, Urregarai mendian, Bizkaiko Aulesti eta Markina herrien arteko mugan. Saraua Bigira nekazarien saraua den moduan, handikien bigiria da saraua, alegia, etxe oneko neska-mutilek gauez egiten zituzten bilera eta dantzaldi arima-galgarriak. Hala bigiretan nola sarauetan, "lujuriak mahaia prest dauka janari ugariagaz, baina sarauan hobeto gisaua". Ikus Bigira Sasi-soinua Trikitirako kopla esateko modua Oiartzunen, Manuel Lekuonak dioenez. Eta denok uler dezagun, "música espúrea" esan nahi omen du. "Saski-Naski" Joxe Mari Iriondok Donostiako Herri Irratian sortutako euskal kanten inguruko saioa, bertan trikitixak ere presentzia nabaria zuen, 1964ko irailean, 10:00etatik 12:00etara, igandero. Ikus "Gure erromeriak" Ikus "Soinu gozoa" Ikus "Triki not dead" Ikus "Zaharrak berri" Sermoia Dantzan egiten zutenak salatzeko aldarria, dantza lotuan egiten ez bazuten ere. Ikus Frai Bartolo Ikus Mendiburu, Sebastian Soinu handia Soinu kromatikoari esaten zaio, "kordiona" handiari. Gehiago kobratzen zuten ezkontzetan. "Soinu gozoa" Maixa Lizarribarrek Euskadi Irratian sortutako trikitixa saioa, asterokoa 1996-2000 bitartean. Ikus "Gure erromeriak" Ikus "Saski-Naski" Ikus "Triki not dead" Ikus "Zaharrak berri" Soinu txikia Handiak baino soinu handiagoa ateratzen du ordea! Soinu Txikirako Kantak Adolfo Jainagak eta Iñaki Zabaletak trikitixa ikasleentzat argitaratutako bilduma, lau aletan. Soniera Somierra, trikitixaren ahotsak jartzeko zurezko ohea. Sostenidoa Notak falta zituela eta Elgetak soinuari erantsi zizkion 4 nota. "Sutondoko erromeria" Esteban Larrañagak Arrate Irratian sortutako trikitixa saioa. Ikus "Gure erromeriak" Ikus "Saski-Naski" Ikus "Soinu gozoa" Ikus "Triki not dead" Ikus "Zaharrak berri" Tangoa Euskaldun jator batek inoiz egoki dantzatuko ez duen doinu arrotza.
Tierra Tierra egiteko, kablea galtzerdian sartzen omen zuten soinujoleek. Hankazikinak...! Tiliño Joxe Jabier Abasolo, urteetan Iurretan trikitilari zaharrei omenaldia antolatzen aritutakoa. Tradizioa Beti arazoak dakartza, bakoitzak komeni zaion adiera ematen dio hitz honi. Batzuek uste dute tradizioa ez dela mugitzen, gaur tradizioa izan dena ez dela inoiz berria eta ez-tradizionala izan. Trena Alpeetako langileek trenbidea egitera etorri zirenean ekarri zuten soinu txikia Gipuzkoara, itxuraz. Alegia, tresnarik euskalena "trenak ekarritakoa" dugula, kanpotar belarrimotza. Honek ez du argitzen nola heldu zen Bizkaiara, dauzkagun aipamen eta albiste guztien arabera han lehenago jotzen baitzen.
Triki Edo hobeto esanda, "la triki". Zigulu komertzialek eragindako terminoa: triki-folk, triki-rock, triki-punk... Gero zernahitarako erabili da, "triki-bertsoa" eta "triki-poteoa" ere badago, nork daki laster ez ote dugun "triki-jatea" edukiko, Triki ostatua ere badagoenez, Baiona Ttipian. "Triki-bertso" Bilboko musika promotora batek sortutako formula komertziala. Kontuz gisa guztietako antolatzaileok: izenak jabe du, erregistratua dago marka eta patenteen erakundean. Triki-pop 90eko hamarkadan trikitixa pop doinuekin nahastu izanaren ondorioz bataiaturiko estiloa. Hamarkada bateko arrakasta izan zuen. Triki Punk "Rock radical vasco" delakoaren garaian irulez jantzita azaltzen ziren bi musikari, emakumezkoak. Trikikrisia 2004ko jardunaldietan Josu Zabala musikariak (Hertzainak) ekarri eta kazetariak txoratzen jarri zituen hitz polita, zer edo zer adierazten duena. Triki-triki Eusko Ikaskuntzako jakintsuek Bergaran deskubritu zuten dantza mota, guk inori bazenik ere entzun ez dioguna. "Triki not dead" Jabi Nabarrok Egin Irratian sortutako trikitixa saioa, 1996-1998. Ikus "Gure erromeriak" Ikus "Saski-Naski" Ikus "Soinu gozoa" Ikus "Zaharrak berri" Trikitilaria Euskal musikari ofiziala bihurtua den behialako baserritar musikabakoa. Trikitixa Fandango kantatua. Soinu txikiaz eta panderoz osatutako formazioa. Gaur egun soinu txikiari berari ere esaten zaio. Euskalki batek Euskal Herri osora hedaturiko hitzik nabarmenena. Trinitateko Plaza Gerra osteko lehenengo txapelketak antolatzen ziren Donostiako plaza. Gero jazzlariak heldu ziren.
Txanbolin Danbolinaren pertsonifikazioa. Garai batean, danbolina zen deabruaren tresna. baina soinu berriek baztertuta geratu zenean, biktima bihurtu zuten (berriz) kondenatu egiten zuten haiek berek, baina alegia edo eredu moduan: euskaltzaletasunaren irudia zen, arrotzek etxetik bidalia... Ikus Danbolina Txapelketa Trikitilarien arteko norgehiagoka, 80. hamarkadan arrakasta handia eduki zuena, hainbat ekitalditan. Txartela Erromerietan kobratu ondoren paparrean jartzen zuten ikurtxoa. Ikus Plaza Txerren-hauspoa Deabruaren musikatresna, alegia. Logikoa, inpernukoa baldin bazen. Ikus Maketo-antzea Ikus Inpernuko hauspoa Txistua Musika tresna zahar-modernoa, soinua sortzen ez duena, baizik eta txistua. Txapelketetan puntu gutxi jasotzen zituztenei egiten zitzaiena. Uhala "Uela" / "Ubela" Ezkerreko eskua bajuetara sartzeko eta soinua gorputzean jartzeko larruzko lokarriak. "Urkiko Aztia" edo "Mago de Urki" Bergarako Migel Sagastumeri esaten zioten. Kuban ibili zen soinujole profesional gisara. Urkiola Erromeri lekua, ermita ez baina basilika egon arren. Mañaritik gora dago, Bizkaiko eta Arabako mugan. Bertan kokatua da soinuaren lehenengo erreferentzia. Urola Trikitixa Gipuzkoan lehenik sartu zen harana, Bizkai aldetik, eta sendoen sustraitu den ingurua. Ikus Loiola Vallenato Soinu diatonikoarekin Colonbian sortu zen musika estiloa. “Nato del valle” esalditik dator izena, alegia, han ere soinua baserritarrek jotzen zutela. Xirria Erromerian eta dantzan zita egin ondoren neska-mutilek etxerakoan saiatzen zutena. Bidea toki ilunetatik egiten bazen hobe! "Zaharrak berri" Miel Anjel Haranak Euskadi Irratian sortutako trikitixa saioa, 1984an. Ikus "Gure erromeriak" Ikus "Saski-Naski" Ikus "Soinu gozoa" Ikus "Triki not dead" Zapatak Quebec-en ikasitako perkutsio modu berria. Ikusia zegoen abarka eta apretekin ez genuela bide luzerik egingo... Zero-sette XX. mende amaierako soinu ekoizle garrantzitsuena. Euskal Herrian gehien zabaldu den soinu marka. Zortzikoa Zenbait jakintsuren iritziz, benetako euskal doinuak ordezkatu dituen 5/8 erritmo italiar aspergarria. |
||